Bideoa
Garaiz gaude proiektu hau gelditzeko! Donibane Lohizunen presio sozialak antzeko proiektu bat geldiarazi zuen. Lagundu eta sinatu hemen!
Nortzuk gara
Surfrider Foundation Europe
Surfrider Foundation Europe ozeanoa, olatuak eta itsasertza babestu eta balioesteko nazioarteko erakundea da, 25 urte baino gehiagoko ibilbidea duena.
Eguzki
Eguzki euskal erakunde ekologista bat da, toki mailako kolektiboetan bildutako boluntarioek osatua. Hauek, aldi berean, aktibista eta kolaboratzaile sare baten katebegi bezala funtzionatzen dute.
Fridays for Future
Fridays for Future beroketa globalaren eta klima aldaketaren aurkako borrokan ekintza eraginkorrak exigitzeko jaio den nazioarteko mugimendu hazkorra da.
Haritzalde
Haritzalde naturzaleen elkarteak, espezie mehatxatuak eta, oro har, ingurune naturalak babestea eta kontserbatzea du eginkizun nagusitzat.
Parkea Bizirik
Parkea Bizirik elkartearen helburu nagusia, parkeen, gune naturalen eta horien ingurumen-alderdien kontserbazioa eta defentsa sustatzea da.
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Gipuzkoan hegaztiak eta haien ekosistemak aztertu, zabaldu eta kontserbatzea du helburu.
Bizilagunekin:
Donostiako bizilagunek osatutako plataformak hiriko turismo ereduari buruz hausnartzea eta desazkunde turistikoa bultzatzea ditu helburu.
Atxikimenduak:
Greenpeace
Greenpeace mundu mailako mugimendu bat da, 55 herrialdetan 3 milioi pertsonak baino gehiagok osatzen dute, eta ingurumenaren aurkako gehiegikeriei amaiera emateko lan egiten dute.
Surf & Nature Alliance
Surf & Nature Alliance irabazirik gabeko nazioarteko eta kulturarteko erakunde bat da, itsas ingurunea kontserbatzera dedikatzen dena, eta surf eremuekiko interes berezia duena.
SEO-Birdlife: SEO-Birdlife gobernuz kanpoko erakundea (GKE) da, eta hegaztiak eta haien habitatak zaintzea eta aztertzea du helburu.
SEO-Birdlife
SEO-Birdlife gobernuz kanpoko erakundea (GKE) da, eta hegaztiak eta haien habitatak zaintzea eta aztertzea du helburu.
8 arrazoi ingurumenaren ikuspegitik:
1.
Donostiako korridore ekologikoen sarea narriatzea.
Donostia elkarren artean lotuta dauden berdegunez inguratuta dago, zeinak korridore ekologikoen sarea osatzen duten. Korridore horiek berebiziko garrantzia dute bioaniztasuna zaintzeko, habitaten zatiketa saihesteko eta udalerriko basa-flora eta basa-faunaren populazioen migrazioa, barreiapena eta, azken batean, bideragarritasuna bultzatzeko. Testuinguru horretan, Antondegi funtsezko lotura-eremua da udal-mailako korridore ekologikoen sarearen jarraikortasuna zaintzeko. Zehazki, Loretoki-Oriamendi-Barkaiztegi korridorea (Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aipatua) Martutenetik Altzarantz abiatzen diren landazabalekin lotzea bermatzen du, azken finean Uliarekin lotu daitezkeenak.
Berez, gainera, tokiko bioaniztasunaren erreserbatzat har daiteke Antondegi. Ondorioz, olatu artifizialen azpiegituraren (6,2 hektarea) eta sarbideen (2,8 hektarea) eraikitzeak eta hauen ustiapenak, ingurunea era nabarmen eta kritikoan degradatzea ekarriko lukete. Horrek udalerriko korridore ekologikoen sarearen osotasuna haustea ekar lezake.
2.
Landazabal atlantikoko ekosistema egoera onean mantentzen duen Donostiako eremu eskasetako bat degradatzea.
Antondegik landazabal atlantikoko ekosistema konplexu bat du, flora eta fauna espezie ugari dituzten larrez, sega-larrez, zuhaiztiez, heskaiez eta laborantza lurrez osatutako mosaiko bat. Kantauriko landa-eremuaren berezko ekosistemaren erakusgarri da, eta Donostian gainbehera bizian dago, landa-eremuak pixkanaka desagertzen ari baitira, industrialdeek eta bizitegi-eremuek ordezkatzen baitituzte. Ekosistema mota honen kalitatea neurtzeko erabiltzen diren bio-indikatzaileen artean, antzandobi arruntaren (Lanius collurio) presentzia azpimarra daiteke. Ingurune honetan habia erregularki egiten duen hegazti espezie honek udalerrian duen hazkuntzarako azken puntuetako bat da Antondegi. Horrekin batera, miru gorria (Milvus milvus) ere goraipatu daiteke, desagertzeko arriskuan dagoena eta eremua maiz erabiltzen duen harraparia. Olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeak nabarmen hondatuko luke Antondegiko ekosistema konplexu eta orekatua.
3.
Eragin negatiboa 109 hegazti-espezieri, horietako 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota egonik.
Antondegi ingurua atsedenerako, elikatzeko edo habia egiteko erabiltzen dute hegazti espezie askok. Antondegiko espazioa erabiltzen duten 109 hegazti espezie erregistratu dira (Itsas Enara, 2021a). 109 espezie horietatik 83 Espainiako Babes Bereziko Araubidean dauden basa-espezieen Zerrendan sartuta daude, 27 Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, eta 7 Basa-hegaztiak kontserbatzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean. 47 espezie habiagile detektatu dira Antondegin (Aranzadi Zientzia Elkartea, 2021), horietako 4 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota daude, eta 3 Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan arriskuan edo arraro gisa katalogatuta daude. Gainera, Donostiako hegazti habiagileen atlasaren arabera (Arizaga et al., 2021),
Antondegi Donostiako leku aberatsenetako bat da ornitologiaren ikuspegitik. Antondegi muinoan 6,2 hektareako azalera okupatzeak, sarbide berriak eraikitzeak (2,8 hektarea) eta instalazioaren ustiaketak eragin oso larria izango lukete gaur egun Antondegi erabiltzen duten hegaztiengan.
4.
Antondegiko ugaztunen talde zabalari (18 espezie baino gehiago) kalte egitea.
Antondegi, gainera, ugaztunen komunitate zabal baten (18 espezie gutxienez) bizileku da; haragijaleak, kiropteroak, erinazeomorfoak, artiodaktiloak, karraskariak eta satitsuak barne (Itsas Enara, 2021b). En 5 haragijale (azkonar arrunta, azeri arrunta, lepazuria, katajineta, erbinudea), 3 kiroptero (saguzar arrunta, Kuhl pipistreloa eta Leisler saguzarra), 3 eulipotiflano (triku arrunta, satitsu arrunta eta sator arrunta), 4 karraskari (urtxintxa gorria, arratoi beltza, basasagua eta muxar grisa), eta noizean behineko presentzia duten 2 artiodaktilo (basurdea eta orkatza) eta haragijale 1 (basakatua).
Antondegi muinoan 6,2 hektareako azalera okupatzeak, sarbide berriak eraikitzeak eta instalazioaren ustiaketak eragin larria izango lukete espezie hauetako askorengan.
5.
Klima aldaketaren testuinguruan, lurraren artifizializazioa eta habitat naturalen azalera murriztea Donostian.
Giza jardueraren zati handi bat lurzoruen erabileren aldaketen bitartez garatzen da, esaterako, habitat naturalen ordez lurzoru urbanizatuak sortuz. Urbanizazio-prozesuek, olatu artifizialek kasu, planetaren kalteberatasuna areagotzen dute, klima-aldaketaren ondorioen aurrean.
Alde batetik, lurzoruen urbanizatzeak, atmosferako karbono dioxidoa biltegiratzeko ahalmen naturala (landaretza bidelagun) murrizten du. Bestalde, urbanizatutako lurzoruen azalerak habitat naturalen lekua hartzeak, tenperaturaren igoera ahalbideratzen du, beroketa globala areagotuz. Lurzoruen urbanizatzeak halaber, uren isurketa errazten du, higadura eta uholde arriskuak handituz.
Azken hamarkadetan ematen ari den lurzoru naturalen edo erdi-naturalen urbanizatze prozesuak ez du aurrekaririk, planetaren oreka gaitasuna ahulduz. Antondegin olatu-igerileku bat jartzeak Donostiako habitat natural edo erdi-naturalaren azalera murriztea dakar, eta, horrenbestez, klima-aldaketa arintzeko tokiko mailan ezar daitezkeen neurrien aurkakoa da.
6.
Jasangarria ez den eta natura-ingurunea zaintzearekin bateraezina den hirigintza eredua bultzatzea.
Antondegi gaina Donostiako eremu bat da, egoera naturalean eta urbanizatu gabe dagoen muino panoramiko maldatsu baten kokatua. Martutene eta 27 poligonoaren artean dago, eta Donostia inguratzen duen gerriko berdearen zati da.
Donostiako Udalaren 2007ko apirilaren 27ko osoko bilkuran Antondegiren hirigintza-garapena onartu zen, bizitegien eta jarduera ekonomikoen ezarpena ahalbideratuz. Bizitegi-auzoaren sustapenaren baitan, muinoaren gainaldean 3.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen, eta, horretarako, baliabide publikoekin lurzorua erosi zen. Bizitegi-proiektu hori Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak baliozkotu zuen 2010ean, eta horren ondorioz, landa-lurzoru urbanizaezina urbanizagarri bihurtu zen.
Hala ere, hiri-garapeneko proiektu hura urte gutxi batzuk geroago baliogabe geratu zen 2016ko Donostialdeko Lurralde Plan Partziala (LPP) dela eta. Eusko Jaurlaritzak emandako, Udalaz gaindiko lurralde-antolamendu eta -plangintzarako tresna hori funtsezkoa da lurraldearen garapen jasangarrirako jarraibideak zehazteko. Antolamendu jasangarria bermatze aldera, LPPak jada eraikita dagoen hiria birgaitzeari ematen dio lehentasuna, hiri-hedapena baztertuz, hiri-hazkundeak natura-ingurunean duen eragina minimizatzeko asmoz. Irizpide horiek gogoan, gunearen hedaduraren azterketa eginez, iristeko bide egokirik gabeko altuerako kokapen orografikoa kontuan hartuz, eta Urumea ibarra bezalako hiri-garapenerako gune aproposagoei lehentasuna emanaz, Antondegiko muinoa bizitegi gisa deskalifikatzea proposatu zuen planak. Proposamen horren ondorioz, etxebizitzak eraikitzeko aukera alboratuta geratu zen, eta zonaldeak gaur egun bere jatorrizko landa-erabilera mantentzen du, ekosistema naturalei eta inbentarioan jasotako biodibertsitate aberatsari toki eginez.
Donostiako Udalak, goragotik datozkion gomendioei jarraiki, zilegitasun eta ahalmen osoa dauka, gunearen egungo bizitegi sailkapena ezeztatu eta landa-lurzoru urbanizaezin sailkapena berrezartzeko, egoera duela 11 urteko puntura itzularaziz. Aukera honek aurrekariak ditu hirian. Aurten bertan hasi du Donostiako Udalak Basozabalgo ingurune naturalari izaera urbanizaezina itzularazteko prozedura; izan ere, jasanezina zelako, hirigunetik isolatutako bizitegi-sustapen bat garatzeko ahaleginak porrot egin zuen bertan ere.
7.
Energiaren eta uraren kontsumo arduragabea trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren testuinguruan.
Kostaldearekiko hurbiltasunari, proiektuak dakarren baliabideen kontsumo handia eta ingurune naturalaren degradazioa gehituz gero, argi dago, egungo klima larrialdiarekin bateraezina den jasanezintasunaren adibide dela.
Wavegarden teknologiadun olatu-sorgailu baten, orduko batez besteko energia-kontsumoa 270kW-koa da (500 etxeetako batez besteko energia-kontsumoa). Trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien garapenaren testuinguruan, energia gutxiago kontsumitzea lehentasuna da gure gizartearentzat.
Instalazioaren ustiapenak ur-kontsumo handia dakar, 25 eta 35.000 m3 arteko arroak baititu (hau da, 10-14 igerileku olinpiko). Alferrikakoa eta arduragabea da horrelako instalazioak eraikitzea egungo klima-aldaketaren testuinguruan, ur eskuragarria geroz eta urriagoa izanik. Hala ere, inolako xehetasun teknikorik eman gabe, euri ura baino ez lukeela erabiliko dio enpresak.
8.
Egoera onean dagoen landa-eremu baten eraldaketa, hurbileko elikagaiak ekoiztera bideratutako nekazaritza-lurrak suntsituz.
Tokiko elikagaien merkaturatzea eta kontsumoa NBEk 2030erako Agendan ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat da. 0KM elikagaiek abantaila asko dakartzate: elikagarriagoak dira, hondakin gutxiago sortzen dituzte, tokiko ekonomiekiko lagunkoiak dira eta planetarekiko abegikorragoak; beraz, ingurumenaren aldetik jasangarriagoa den eredu ekonomiko baten alde egiten dute. Antondegiko landa-eremuan nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak nagusitzen dira. Olatu artifizialaren eraikitzeak, gaur egun baratzeek, arto-zelaiek eta sega-belardiek estaltzen dituzten lursail zabalen desagerpena ekarriko luke, gizaki eta aziendentzako kalitatezko elikadura lortzeko oinarrizko baliabidea suntsituz.
Antondegi ondo kontserbaturiko landa-paisaiaren erakusgarri da, eta horrek balio etnografiko handiko gune bihurtzen du; izan ere, horrelako espazioak eta horiekin lotutako jarduerak gainbehera argian daude Donostian. Olatu artifiziala eraikitzeak nabarmen hondatuko luke egoera onean kontserbatzen den Donostiako landa-eremu bakanetako bat.
Surflarion 10 arrazoiak:
1.
Ez dio surflarien eskaera bati erantzuten.
Udalak ez du inolako kontsultarik egin surflarion komunitatean. Eta enpresa sustatzaileak berak adierazi duenez, “partzialki irekiko luke jendearentzat”.
2.
Enpresak badauka antzeko azpiegitura bat Aizarnazabalen.
Donostiatik 25 km-ra edukita, ez da beharrezkoa eremu natural gehiago artifizialtzea.
3.
Instalazio horietarako sarrerek prezio altua dute.
Tarifa horiekin olatu artifizialetako surfa jarduera elitista da. Izan ere, surflari gehienek ezin izango bailituzkete sarritan erabili. Gainera, ez dugu ahaztu behar lur publiko bati buruz hitz egiten ari garela.
4.
Surfaren artifizializazioa sustatzen du.
Surflariok olatuekin dugun harreman ekologikoa aldatzen dute eta, surfaren praktika desnaturalizatzeaz gain, hari lotutako balioak eta kultura ere desitxuratzen dituzte.
5.
Dudazkoa da eliteko surflarien prestakuntzan lagun dezaketeela.
Hala diote aditu askok, surf txapelketetan estrategia eta itsasoa interpretatzeko zentzua direla gakoak. Bestalde olatu artifizialetan egiten diren txapelketak oso eskasak dira.
6.
Ingurumen-ondorio oso negatiboak izango lituzke.
Antondegi Donostiako gerriko berdean dago. Azeriak, azkonarrak, ginetak, katagorriak eta gardulak bezalako ugaztunak dabiltza bertan, eta 109 hegazti-espezie, hala nola gaur egun galzorian dagoen miru gorria.
7.
Masifikazioa areagotuko luke gertuko hondartzetan.
Olatu artifizialek milaka surflari berri sortuko dituzte. Denek itsasoan surf egin nahiko dute gero, noski, eta eskubide osoa izango dute horretarako. Beste alde batetik, instalazio honek kanpoko surflari bisitariak ere erakarriko lituzke Donostiara.
8.
Aisialdirako eskaintzarekin dei-efektua egiten dute.
Bere kanpin, ostalaritza, denda eta gainerako zerbitzuekin, dei-efektua eragingo luke, azkenean Donostiaren bizi-kalitatea kaltetuz.
9.
Itsasoaren aldamenean zentzugabea da erabat.
Olatu artifizialen instalazioak atzerapauso handia dira trantsizio energetikoan, olatu natural ugari dauden lekuan ur eta argindar gastu handia eginez. Eta Europar Batasunaren eta UNESCOren jarraibideen guztiz aurkakoak dira.
10.
Garaiz gaude proiektu hau gelditzeko!
Iparraldeko surflariek Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen enpresa beraren antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu dute duela gutxi.